2021eko
uztailaren 8a
Nafarroako Gobernuak, ekintza klimatikoarekin konpromiso
sendoa hartu du bere tokiko plangintzaren bidez, Europako helburuekin bat
eginez. Tokiko administrazioaren inplikazio hori Europako “Life-IP NAdapta-CC”
proiektuan gauzatzen da. Testuinguru horretan, Lursarea - Nafarroako
Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia, Nasuvinsa unitate teknikoaren
(Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa) eta Factor Ideas for Change
aholkulari-taldearen bidez, Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planak (KEJEP)
Nafarroako udalerrietan egiten hasi dira, Klima eta Energiaren aldeko Alkateen
ituna sinatu duten udalerrietan, hain zuzen ere.
Lan honen helburu nagusia, 2020-2030 horizontea daukaten Klima
eta Energia Jasangarriaren Ekintza Planak egitea da, Itunera atxikitako 154
udalerritan. Udalerri horiek 18 KEJEP desberdinetan bildu dira: Bidasoa, Mendialdea,
Sakana, Zangozerria, Pirinioaurrea, Antsoain-Berriozar, Aranguren-Galar-Eguesibar-Noain·Elortzibar,
Burlata-Atarrabia, Iruñerria-ibarrak, Esteribar-Ezkabarte-Olaibar,
Estella-Lizarra, Estellerriko Mendialdea, Estellerriko Erribera, Izarbeibar-Novenera, Erdialdeko
Iparraldea, Erdialdeko Hegoaldea, Erribera eta Erriberagoiena.
Horrela, aurretik Udalerri bakoitzerako arintze-
eta egokitze-arloetan egindako azterketetan oinarrituta, Europar Batasunak 2030erako
ezarritako helburuak betetzen lagunduko duten neurriak prestatu eta aztertuko
dira. Hau da, arintzeari dagokionez, neurriak CO2b emisioak
gutxienez %40 murriztera bideratuko dira lurralde-eremuan, oinarri-urtearekin
alderatuta (2005), sektore hauetan:
•
Udalarenak: eraikinak,
ekipamendua eta instalazioak, argiteria publikoa eta udal flota.
•
Bizitegietarako;
etxebizitza, batez ere.
•
Etxeko hondakinak.
•
Garraioa (Iruñerrian).
Egokitze-helburuak hauek izango dira:
klima-aldaketak udal-mailan izan ditzakeen ebidentziak ebaluatzea eta Klima
Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCC, ingelesezko siglak)
agertokien arabera izan ditzakeen arrisku eta ahultasunen azterlana egitea.
Horren helburua atxikitako udalerrientzako tokiko egokitzapen-estrategia bat
prestatzea izango da, lehentasunezko ekintza-neurriak eta horien balorazio
ekonomikoa zehaztuz.
Hitzarmena
eta herritarren ahotsa klima-aldaketaren aurrean
2009an, Europako Parlamentuan, Europa osoko 350 hirik
baino gehiagok konpromisoa hartu zuten, Alkateen Ituna sinatzearen bidez,
Batasunaren energia-helburuetatik haratago joateko. Europako Batzordearen
ekimen honekin, Eskualdeetako Lantaldearekin lankidetzan, 60 milioi herritar
baino gehiagoko ordezkariek elkarrekin lan egin nahi dute ekintza-planak
garatzeko eta inbertsioak klima-aldaketaren ondorioak arintzera bideratzeko.
Testuinguru horretan, nabarmendu behar da ekimen honek
Nafarroan, parte-hartze prozesu garrantzitsua izango duela. Izan ere, Itunaren
erabaki eta konpromisoek udaletako teknikari eta politikarien eta herritarren
ekarpenak jaso beharko dituzte.
Parte-hartze prozesu hori planaren komunikazio- eta
hedapen-ekintzen bidez gauzatuko da. Hori guztia, proiektua abiarazteari
buruzko lehen informazio bilera batekin hasi da Tokiko Ekintza Taldeekin eta
Iruñerriko udal arduradunekin. Lehenik eta behin, gizarteak klima-aldaketari buruz duen pertzepzioari buruzko inkesta
bat egingo da, herritarrek klima-aldaketaren errealitateari buruz duten
ikuspegia eta ezagutza biltzeko.
Esteka honen bidez, inkestara sartu eta ekimen horretan
aktiboki parte har dezakezu: https://es.surveymonkey.com/r/SYHHNCB