Páginas

viernes, 9 de julio de 2021

⚡ Nafarroako udalek tokiko plan klimatikoak Europako helburuekin lerrokatu dituzte

 

 

2021eko uztailaren 8a

Nafarroako Gobernuak, ekintza klimatikoarekin konpromiso sendoa hartu du bere tokiko plangintzaren bidez, Europako helburuekin bat eginez. Tokiko administrazioaren inplikazio hori Europako “Life-IP NAdapta-CC” proiektuan gauzatzen da. Testuinguru horretan, Lursarea - Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia, Nasuvinsa unitate teknikoaren (Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa) eta Factor Ideas for Change aholkulari-taldearen bidez, Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planak (KEJEP) Nafarroako udalerrietan egiten hasi dira, Klima eta Energiaren aldeko Alkateen ituna sinatu duten udalerrietan, hain zuzen ere.

Lan honen helburu nagusia, 2020-2030 horizontea daukaten Klima eta Energia Jasangarriaren Ekintza Planak egitea da, Itunera atxikitako 154 udalerritan. Udalerri horiek 18 KEJEP desberdinetan bildu dira: Bidasoa, Mendialdea, Sakana, Zangozerria, Pirinioaurrea, Antsoain-Berriozar, Aranguren-Galar-Eguesibar-Noain·Elortzibar, Burlata-Atarrabia, Iruñerria-ibarrak, Esteribar-Ezkabarte-Olaibar, Estella-Lizarra, Estellerriko Mendialdea,  Estellerriko Erribera, Izarbeibar-Novenera, Erdialdeko Iparraldea, Erdialdeko Hegoaldea, Erribera eta Erriberagoiena.

Horrela, aurretik Udalerri bakoitzerako arintze- eta egokitze-arloetan egindako azterketetan oinarrituta, Europar Batasunak 2030erako ezarritako helburuak betetzen lagunduko duten neurriak prestatu eta aztertuko dira. Hau da, arintzeari dagokionez, neurriak CO2b emisioak gutxienez %40 murriztera bideratuko dira lurralde-eremuan, oinarri-urtearekin alderatuta (2005), sektore hauetan:

 

        Udalarenak: eraikinak, ekipamendua eta instalazioak, argiteria publikoa eta udal flota.

        Bizitegietarako; etxebizitza, batez ere.

        Etxeko hondakinak.

        Garraioa (Iruñerrian).

Egokitze-helburuak hauek izango dira: klima-aldaketak udal-mailan izan ditzakeen ebidentziak ebaluatzea eta Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCC, ingelesezko siglak) agertokien arabera izan ditzakeen arrisku eta ahultasunen azterlana egitea. Horren helburua atxikitako udalerrientzako tokiko egokitzapen-estrategia bat prestatzea izango da, lehentasunezko ekintza-neurriak eta horien balorazio ekonomikoa zehaztuz.

Hitzarmena eta herritarren ahotsa klima-aldaketaren aurrean

2009an, Europako Parlamentuan, Europa osoko 350 hirik baino gehiagok konpromisoa hartu zuten, Alkateen Ituna sinatzearen bidez, Batasunaren energia-helburuetatik haratago joateko. Europako Batzordearen ekimen honekin, Eskualdeetako Lantaldearekin lankidetzan, 60 milioi herritar baino gehiagoko ordezkariek elkarrekin lan egin nahi dute ekintza-planak garatzeko eta inbertsioak klima-aldaketaren ondorioak arintzera bideratzeko.

Testuinguru horretan, nabarmendu behar da ekimen honek Nafarroan, parte-hartze prozesu garrantzitsua izango duela. Izan ere, Itunaren erabaki eta konpromisoek udaletako teknikari eta politikarien eta herritarren ekarpenak jaso beharko dituzte.

Parte-hartze prozesu hori planaren komunikazio- eta hedapen-ekintzen bidez gauzatuko da. Hori guztia, proiektua abiarazteari buruzko lehen informazio bilera batekin hasi da Tokiko Ekintza Taldeekin eta Iruñerriko udal arduradunekin. Lehenik eta behin, gizarteak klima-aldaketari buruz duen pertzepzioari buruzko inkesta bat egingo da, herritarrek klima-aldaketaren errealitateari buruz duten ikuspegia eta ezagutza biltzeko.

Esteka honen bidez, inkestara sartu eta ekimen horretan aktiboki parte har dezakezu: https://es.surveymonkey.com/r/SYHHNCB